Lakaxita

Txingudi Anti Sexista

Manifestazio zaratatsua #25N-agatiko datorren astelehen honetan

foto

Azaroaren 25a berriro heltzear da, Emakumeen kontrako Indarkeriaren aurkako eguna, eta tamalez, berriz ere, salaketa eguna izan behar du. TAS osatzen dugun eragileok berriz ere batu eta egun honetan salaketa kolektiboa egin nahi dugu.

Indarkeria matxista, sexista, emakumeonganakoa... milaka izen ditugu egoera berdinaz hitz egiteko. Baina honek badu bere eragina, izenen dantzan galdu egiten gara, eta indarkeriaren beraren izaera eta sakontasunaz ahaztu egiten gara. Indarkeriak baditu milaka aurpegi, latzenez hitz egiten ibili gara egun hauetan. Zenbat erahildako, zenbat salaketa... jipoiez eta mehatxuez hitz egin dugu. Eta bai, bada errealitate bat, errealitate oso gogor bat. Eta honetaz hitz egin behar dugu, salatu behar dugu eta kalera atera behar dugu, orain arte egiten ibili garen moduan.

Baina indarkeria iceberg bat da, gure gizartea den itsaso honetan alde batera eta bestera dabilen iceberga. Ikusten dugun zatia indarkeria agerikoen hori da, oaintxe aipatu duguna. Baina ondo dakizuen moduan icebergak izotz askoz gehiago dauka behekaldean, bistara ez duguna. Eta hemen ere indarkeria ikusezin asko dago, kulturan, politikan, dagoen emakume kopuru eskasa, mikromatxismo deiturikoak (piropoak, ukimenak, mespretxuak...). Itsasoan gabiltza gu, eta icebergaren puntarekin itsutzen bagara gure itsasontziak behekaldekoarekin topo egin eta ondoratu egin gaitezke. Baina punta hori konktuan hartu eta behean gehiago dagoela badakigu bidea arrakastaz egiten jaraituko dugu. Indarkeriaren iceberga ikusarazi dezagun izotz bloke aislatuak ez direla jakinarazteko.

Aurtengoan gainera, gure bizilagunen arreta eskuratzeko ekimen ikusgarriagoa deitzea okurritu zaigu eta kazerolada antolatu dugu astelehenerako.

Oraindik ere maiz lotzen ditugu emakumeak sukaldearekin eta ironiaz jokatu nahi izan du TASek. Batetik gure armak diren lapikoak atera eta arreta deitzeko erabiliko ditugu, eta bestetik, urte osoan zehar hauek sutondoan jarrita berdintasuna sukaldatzen dugula adierazi. Ekarri beraz, zuen lapiko eta sartaiak astelehenean 19.30tan Zabaltza plazara.