Lakaxita

Lakaxita

Jaion Bidasoko Hitzan

La Chula Potra Julia Itoiz, errotxapeako rapera poetikoki desegokia. La Chula Potra da bere izen artistikoa, eta bera izango da aurtengo Jaionen gonbidatu berezia. Bihar arratsaldean da Jaion. Irungo Moskutik Lakaxitara arteko bidea kamioi gainean egingo du bihar arratsaldean abeslari nafarrak, rapeatzen, eta aldarrikapen festara bilduko diren guztiak dantzan jartzen. Yolanda Barcina Iruñeko alkate zela Una bofetada kantua dedikatu zion La Chula Potrak, 2011. urtean. Aste gutxiren bueltan 50.000 bisitatik gora lortu zituen abestiak Interneten. Horrek eman zion ospea. «Una bofetada que te espabilara tu borrachera de pija fulana, te sacara del tiesto, mujer florero. Del capital, la puta más cara». Hala hasten da abestia. Barcinak, nola ez, irainak leporatuta auzitara eraman zuen abeslaria. Kikiltzen ez den horietakoa, bere letra garratzek salaketa askoren bozgorailu izan dira azken urtetan. Bihar ere, hala ariko da La Chula Potra, festa giroan baina epelkeriarik gabe, garratz eta ozen.

Hiru talde Lakaxitan

Azken diskoa aurkeztuko dute Strong-ek eta Soretek Jaia 17:30ean hasiko da, Moskun. Handik abiatuko da kontzertu ibiltaria Lakaxitara bidean. Baina jaiak luze joko du ondoren ere, Lakaxitan bertan. La Chula Potrari lekukoa hartuko dioten taldeen zerrenda ez da nolanahikoa. Elorrioko Han taldeak bere azken proiektua aurkeztuko du. Musika munduan lanean urtetan ibilitako musikariekin (Non Demontre, Mokaua, Yakuzi…) osatutako taldea da Han. Bere lehen diskoa aurkezteko, ikuskizun berezi bat prestatu dute, 2634 izenekoa, musika, bideoa eta antzerkia uztartuz. Diskoa, taldearen izen berekoa, Bonberenea Ekintzak-ek argitaratu du, eta Karlos Osiganak grabatu. Niña Coyotek eta Chico Tornadok joko dute ondoren, Ursula Strong-ek (Zuloak, Las Culebras) eta Koldo Soretek (Surfin Kaos) osatzen dute taldea. Gitarra, ahotsa eta bateria. Erritmo gogor eta pisutsuak jorratzen ditu bikote donostiarrak, eta beren azken diskoa aurkeztera heldu da Lakaxitara. Azkenik, etxekoak, Zura taldekoak. Egunkari ezkutua kaleratu berria aurkeztuko dute, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi zenaren Leturiaren egunkari ezkutua nobelan oinarritutako lana. Hiru taldeak bukatu ondoren, DJ Leire Voltak eta Selektah Amundak emango diote bukaera gauari, dantzan dena eman arte. Ohi bezala, festara batzen diren guztiei mozorrotzeko eskatu diete Jaionen antolatzaileek.

Eraisterik ez

Biharkoa XIII. Jaion izango da. Lakaxitak antolatzen du urtero «jai sortzaile, alai eta aldarrikatzailea», Irungo «kale grisak okupatu eta eztitzeko» asmoz. Festaren bidez, aurten, udalak etxe autogestionatua ez eraistea erabaki berri duela ospatu nahi dute Lakaxitakoek. «Ekintza soziopolitiko eta kulturalez beteta egon diren 11 urte hauek badira nahiko bere inguruan gauzatuko den berrantolaketa urbanistikoan espazio honen finkatzea eskatzeko», baieztatu dute Lakaxitako kideek. Lakaxita eraistea aurreikusia zuen Irungo Udalak orain gutxi arte, San Miguel-Anaka hirigintza operazioaren harira. Baina, gune autogestionatuaren biziraupenerako lan egingo dutela agindu diete udal ordezkariek, lehengo martxoan, Lakaxitari bizia ematen dioten pertsona eta kolektibo sozial guztien ibilbidearen eta lanaren aitorpen esplizitua eginez. Lorpena ez da makala. Bihar badute zer ospatu.

XI. urteurrena

Ospatzeko beste arrazoi bat ere badute eta horregatik, bihar, bi ospakizunek egingo dute bat Irunen. XIII. Jaion ez ezik, Lakaxitaren XI. urteurrena ospatzeko jaia ere izango da biharkoa. «Gogoratu beharra dago 11 urte hauetan Lakaxita Irungo gazteen eta kulturaren erreferente garrantzitsua izan dela», nabarmendu dute Lakaxitako lagunek. Irungo gune autogestionatuan, antzerki, kontzertu, tailer, ikastaro eta hitzaldi asko antolatu dituzte azken urteotan, eta horrez gain, etxea, kolektibo ugariren topaleku izan da. Feminismoa, maskulinitate ereduak, etxegabetzeak, proiektu txikitzaileak, ingurumenaren defentsa, kultur aniztasuna, … kezka eta iniziatiba ugarik izan dute akuilu Lakaxitan, etxea kudeatzen duten lagunek ohartarazi dutenez, «Lakaxita gizarteak ukatzen dituen adierazpen, ekimen, ideia eta pertsonen gunea» delako. Harro daude Lakaxitakoak beren jardunak izan duen bilakaerarekin: «Urtez urte gure ereduaren balioa baieztatzen dugu», esan dute, eta, «krisi garaietan» beren balioak sustatu beharra dagoela aldarrikatu dute: «Asanblada eta autogestioa, pertsonen independentzia eta kolektiboen garrantzia». Horregatik,norabide berean urratsak egiten jarraitzeko asmoa adierazi dute, «gauzatu diren ametsak asko direlako, baina betetzeke direnak beste hainbeste». Irakurri hemen