Adimenaren ateak irekita (hitza.info)
Aizpea Amasek idatzia Oarsoaldeako eta Bidasoko hitzan (2014/04/07)
Okupazioaren gaineko estereotipoak apurtu zaizkio Juanmi Gutierrez zine zuzendari errenteriarrari bere azken lanean, Ateak zabalduz dokumentala. Ikusleei ere gauza bera gertatzea espero du; alegia, mugimendu horri ixten dizkieten ateak irekitzea, aurreiritziak apurtuz.
Gutierrez Lezoko eta Oiartzungo okupazioan zentratu da lanean, eta Donostiako kasua ere aztertu du. Lezoren kasuan, Txerrimuño eta Lobato etxe okupetako jendearekin bildu da, eta Oiartzuni dagokionez, Arditurriko mehategietako etxean, Goiko Eskolan, Mosan eta Urkabe Baitan izan da.
Motibazioa ezagunak ez diren kolektibo eta taldeei hitza ematea izan dela adierazi du Gutierrezek: «Estereotipoen erruz, bakarrik alderdi bat ezagutzen da, beraiek daukaten ideologiatik aldentzen dena». Azken lanetan kolektibo horiek ezagutarazten aritu da zuzendaria, eta ildo horri jarraituz, okupazioarekin topo egin du: «Oso gutxi ezagutzen nuen kolektiboa zen, eta batez ere aurrean nituen estereotipoen prismatik bakarrik ezagutzen nituen: indarkeria, drogak…».
Dokumentala hasteko, lehenik eta behin, Lezoko Txerrimuñorekin jarri zen harremanetan, 30 urteko ibilbidea duen eraikin okupatu batek aztertzea merezi zuela iritzita. Hortik hasita, konturatu zen etxebizitza okupa gehiago bazeudela inguruan, eta hala zabaldu zuen bere esparrua bi herri horietara.
Txerrimuño bezala, Arditurriko mehatzetako etxe okupatuan bizi direnek ere 1970eko hamarkadako ideologia dutela azaldu du Gutierrezek. Gaur eguneko okupazioarekin alderatuta, duela 30 urtekoa ezberdina dela iruditzen zaio: «Atzean dagoen ideologia ezberdina da, baita motibazioak ere». Gaur egungoa praktikoagoa dela deritzo, etxebizitza ez izatearen egoerari aurre egiteko egiten dela okupazioaren alde.
Garai hartan oso mugimendu indartsua izan zela azaldu du Gutierrezek, baina denborarekin nabarmen egin zuela behera. Egun, ordea, indartzen ari dela uste du.
1970eko hamarkadan iritsi zen mugimendua Euskal Herrira, batik bat Alemania eta Ingalaterratik. Atzean, ideologia bat zeukala jakinarazi du Gutierrezek: anarkismoa. «Ideologia hori oso indartsua izan zen hemen 1936ko gerraren garaian, baina frankismoan erabat zapaldua izan zen. Edozein modutan, ezkutatuta mantendu zen». Duela 30 urte piztu zen, eta zenbait iniziatibetan gauzatu zen, etxe okupatuetan, kasu. Gutierrezek zehaztu du ideologia oinarrian anarkista izan arren, Euskal Herriko errealitatera moldatua zegoela.
Oso ideologia irekia zela gaineratu du, eta egungoak izan daitezkeen bizimoduetan aplikatu daitekeela: ekologismoa, emakumearen askapena, antimilitarismoa, hizkuntzaren defentsa… «gizakiaren sustraietara jotzen du, naturarekin duen harremanera». Egun indarrean dauden baloreak dituela ere gaineratu du.
Etxe okupatuei ere erabilpen ezberdina ematen zaiela azaldu du Gutierrezek: batzuk, gaztetxea edo gizarte zentroaren zentzua dutenak; alegia, etxebizitza bat lotuta ez dutenak; eta besteak, berriz, bizitzeko okupatzen direnak.
Bizitza eraikinean bertan egiten dutenei dagokienez, oro har, ez dela horietan jende asko biltzen jakinarazi du. Zine zuzendariaren arabera, garai ziklikoak izaten dituzte, eta oro har, euren bizitza bi urtera-edo mugatzen dute: «Etorkizun ezaren ideia punka dute; ez dute etorkizunik lanean, ez etxebizitzan…». Bi urterako etxebizitza badute euren bizitza «konponduta» dutela iritzi dio Gutierrezek, «eta gero aurkituko dute beste zerbait».
Utopiaren ideia ere nabarmendu du, eta bizitzari aurre egiteko «pentsamolde egokia» dutela uste du: «Oso irekiak dira, eta kolektibo guztiak onartzen d ituzte, eurena bezalako bizimodua ez izanagatik ere».
Estereotipoak oraindik badira
Gutierrezek berak bezala, okupazioarekiko estereotipoak duen jendea badela iritzi dio, eta batez ere, adinekoen artean: «Oporretara joatean etxea utzi, eta bueltatzerakoan etxea okupatuta aurkitzea esan nahi duela uste dute batzuk». Hala, dokumentalak belaunaldi zaharrenak harrituko dituela uste du. Berari, esaterako, aurretik zituen aurreiritziak «banan-banan iraultzen» joan zaizkiola esan du: «Eurekin bakeak egiteaz gain, oso oinarri baliotsuak ikusi ditut».
Esaterako, etxe jabeekin akordioak izateak harritu duela ere esan du: «Normalean, akordioren bat lortu edo kontraturen bat sinatzen dute urte zehatz batzuetan bizi daitezen, eta denbora horretan etxea zain dezaten. Jabeak ez du inoiz etxearen jabetza galduko, baina trukean okupek zainduko dute etxea, edota baratzeak».
Nolanahi ere, okupek ez dutela zertan etxebizitza doakoa bilatzen esan du, baizik eta gehiegizko alokairuak eta bestelakoak bultzatzen dituen sistema iraultzea baizik. Zentzu horretan, etxebizitzarik izan ez ala bai, baina ematen diren etxe kaleratzeak ikusita, argi du irtenbide bat izan daiteekeela okupazioa. Lezoko Txerrimuño etxe okupatuak 30 urte ditu.
Lezoko Txerrimuño etxe okupatuak 30 urte ditu.
Giza eskubideen zinemaldian izango da ‘Ateak zabalduz’
Gaurtik hasi eta hilaren 11ra bitartean izango da Donostian martxan Giza Eskubideen Zinemaldia. Hain zuzen, ekitaldi horren barruan estreinatuko du Juanmi Gutierrez zuzendari errenteriarrak Ateak zabalduz dokumental berria.
Zehazki, hilaren 10ean (osteguna) egingo dute pasea, 19:00etatik aurrera, Viktoria Eugenia antzokian. Dokumental horretan Lezo eta Oiartzungo okupazioarekin lotutako pertsonen testigantzak bildu ditu. 89 minutuko lana da. Oiartzungo Arditurriko etxe okupatua.
Oiartzungo Arditurriko etxe okupatua.
‘Echeverriatik Etxeberriara’
Gutierrez ez da izango Oarsoaldeko ordezkari bakarra zinemaldian, Ander Iriarte oiartzuarrak Echevarriatik Etxeberriara. Oiartzun: Indarkeriarekin bizi izan den herri baten kronikak lana aurkeztuko baitu. Oiartzunen, ezker abertzalearen inguruan izan diren indarkeria mota ezberdinak aztertuko ditu lan horrek.
Iune Trecet, Irungo Lakaxita gaztetxeko kidea: «Pribatua dena askatu egiten dugu okupazioaren bidez»
Iune Trecet
Okupazioaren adibide berrietako bat da Irungo Lakaxita gaztetxearena. 2005. urtean okupatu zuten Anaka auzoan dagoen eraikina, eta gaur egun hainbat eragileren elkargune da. Bertako kide da Iune Trecet (Donostia, 1985).
Lakaxita egungo Irungo gaztetxea da, okupatua izan zen eraikina. Nolatan eraman zen aurrera okupazio hori? Talde bat zegoen Irunen, Gazteak Bizirik deitutakoa. Bertan gazteei lotutako gauzak lantzen zituzten. Ikusi zuten gazteak geroz eta gehiago ari zirela sartzen lokaletan; alegia, zerbait indibidualean eta ordainpekoan, eta era berean, ez zirela euren artean erlazionatzen. Hala, erabaki zuten Irunen gaztetxe bat sortzea. Lehenengo pausoa izan zen udalarekin hitz egitea, eta erantzuna izan zen ezin zela ezer egin. Aukeratu zen bidea okupaziorena izan zen. 2005ean okupatu zuten.
Zergatik Lakaxita? Hainbat leku aztertu ziren. Cerillas okupatu zen, baina ordu batzuetara desalojatu zuten. Etxe hau aurkitu zuten, kooperatiba batena zena. Jabeekin hitz egin genuen, eta erantzun ziguten ez gintuztela babestuko, baina ez zutela ere ezer egingo gure aurka. 2006. urtean epaile batek aurrebistara deitu zituen Lakaxitako bi kide, eraikinaren jabeek salatu gintuztelakoan. Baina jabeek, epailearen aurrean, udaltzainen presioen ondorioz jarri zutela salaketa esan zuten. Informazio horrekin eta herrian gizarte lana egiten genuela zehaztuz, kasua artxibatu zuten.
Zein funtzio betetzen du gaztetxeak? Hainbat eragile elkartzen gara bilerak eta jarduerak egiteko, eta saiatzen gara tailer eta hitzaldi alternatiboak eskaintzen, udalaren eskaintzatik at.
Bidasoan badago beste adibiderik? Lakaxitaren aurretik, Cerillas izan zen, Irunen. Hori gaztetxe izatera iritsi zen 1980eko hamarkadan. Eraikina hustu zuten, erre zelako. Hondarribian 1990. urtera arte gaztetxea izan zuten.
Zergatik okupatu? Azkenean jarduera politiko bat bezala ulertzen dugu okupazioa, zerbait pribatua dena, askatu egiten dugu okupazioaren bidez, baina beti ere erabiltzen ez den leku bat hartuz. Leku hori herriak hartu eta herriarentzat erabilera ematea da asmoa.
Gazteek, hain zuzen, independizatzeko arazoak izaten dituzte; horrez gain, egun oso ohikoak dira ere etxe kaleratzeak. Okupazioa horren irtenbidea izan daiteke? Okupazioak bizi eredu ezberdin bat izateko aukera ematen badigu, alternatiba bat da, bai. Ez gaude jabetza pribatuaren alde, eta hutsik dauden etxeak askatzen badira bizitzeko edo gaztetxe bat sortzeko beti alde egongo gara.
Gaur egun aurreiritzi asko existitzen dira okupazioarekiko? Ez daukagu oso argi zenbat jende dagoen okupatzen, ez nolakoak diren, okupazioak zer esan nahi duen… Iruditzen zaigu etorriko direla nire etxera, eta kenduko didatela. Azken finean, aldaketak beti ematen digu beldurra.