Lakaxita

Txingudi Anti Sexista

TAS-ren konzentrazio berria. ERANTZUNIK GABEKO ERASORIK EZ!!

ManiTAS25N2013_10Erailketa bikoitza batek bildu gaitu gaur hemen. Biktimak bi emakume izan dira: Mari Luz Alejo, 58 urtekoa, eta bere ama, Amelia Rodriguez, 88koa.

Joan den asteazkenean goizean, biak hilda aurkitu zituzten beren Abadiñoko etxebizitzan. Aurkitu zituen emakumeak beren ahizpa eta alaba zen. Zera kontatu nahi zien: Mari Luzen senarra eraso baten biktima izan zela bere enpresan. Orduan, bi gorpuak aurkitu zituen.

Egunero, edonon, eta askotan imajina dezakegun baino gertuago gertatzen dira emakumeen aurkako erasoak. Indarkeria matxista, egun, gure jendarteko arazo larrienetariko bat da. Kasu honetan arazo ekonomikoak direla eta, eraso bortitz hau justifikatu nahi izan du ustezko hiltzaileak. Baina pertsona askok mota horretako arazoak dituzte ere eta ez dituzte ez bikoteak ezta beren familiako kideak erailtzen.

Ezin ditugu era honetako erasoak eta hilketak bere horretan utzi eta normaltzat hartu. Denen artean erantzuten jarraitu behar dugu. Instituzioei indarkeria matxistaren aurkako neurriak hartzeko eskatu behar diegu, eta biztanleriaren erdiak sufritzen dugun arazoaren aurrean jendartea kontzientziatu. Prebentzioaren alorrean lan egin behar dugu.
Horregatik sortu zen TAS, eraso hauen aurrean erantzun herritarra eta kolektiboa pizteko, eta hemen gaude, adostutako protokolo hori berriro martxan jartzen, guk nahi baino maizago kalera atera behar dugun arren.
Geroz eta gehiago gara berdintasunaren aldeko bide honetan; horregatik, herritar guztiei dei egin nahi diegu erantzun kolektibo honen parte izan daitezen.

ERANTZUNIK GABEKO ERASORIK EZ!!