Lakaxita

Lakaxita

Lakaxita-ren erantzuna

foto

Lakaxita.- Iragan ostiralean, Lakaxitako asteroko asanbladan, Angula Berrian Eraso sexistak Moskun eta Gaztetxean izenburupean argitaratutako artikuluaren gainean hausnartu genuen.

Bertan adierazirikoak, gaztetxeko kideonganako eta berau osatzen duten kolektiboenganako salaketa gogorrak izan dira. Gure aburuz, nolanahi ere, neurrigabeak eta oinarri eskasekoak izan dira, gaztetxean bizi den errealitatea distortsionatzerainokoak hain zuzen.

Pertsonalki nahiz kolektiboki haserre eta samindurik sentitu gara.

Bestalde, Lakaxitako asanbladak, aipaturiko artikuluarekin bat egiten du, gaztetxean jarrera sexistak baita erasoak ere gertatu direla eta ematen direla esaten denean. Zentzugabea litzateke Lakaxita berdintasunaren panazea gisa aurkeztea eta arlo honetan lan asko dugula egiteke ez onartzea.

Dena den, azken ideia hauetatik, borrokakideon artean erasoak eta bortxaketak egon ohi direla esatera amildegi salbagaitza dagoela deritzogu.

Are gehiago, azken urteotan erlazio parekideak eraikitzeko Lakaxitan burutu den lana eta ardura kontutan ez hartzeak ez digu inondik inora justiziarik egiten. 

Ziurrenik, arestian aipatu bezala, asko dugu arlo honetan hobetzeko, jakitun gara, baina, gaztetxean egoera sexistaren bat pairatu denean, eta bertako asanbladan gaia jorratu denean, antzerako egoerak sahieste aldera eta espazio parekideak eraiki aldera beti ere neurriak hartu izan dira. Gainera, gure gabeziez jakitun, gai hauetan esperientzia handia duten pertsona eta elkarteen lankidetza sustatu dugu.

Azpimarragarria da ere, prozesu hauek guztiak, modu autokritikoan landu ditugula, jakin baitakigu, gizarte osoa lohitzen duen matxismoarengandik gure jarrerak uxatzeko egin beharreko lana handia eta korapiatsua dela, gutako inor ez baita libre bere burua alternatibotzat badu ere.

Bestetik, nahiz eta kasu honetan era desegokian burutu dela baderitzogu ere, argitu nahi dugu gure babesa eskaintzen diogula gauzatzen diren erasoak salatzen eta jakinarazten dituen orori, jakin baitakigu, tamalez, sarritan era honetako salaketak isilduak izaten direla. Argi dugu bestalde, prozesu horien helburua ez dela inor kriminalizatzea, ez erasoa burutu duena ezta salaketa egin duena ere.

Azkenik, ez dugu amaitu nahi, espazio parekideak, libreagoak, feministagoak eraikitzeko gure konpromezua eta prestutasuna adierazi gabe. 

Etiquetas: 

Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.